DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

Alaia koralak jasoko du aurten Marixelarre saria

Duela ia 40 urte sortutako emakumeen abesbatza hau udalerriko bizitza kulturalaren parte garrantzitsua izan da

Saria datorren martxoaren 8an banatuko da

AMOREBIETA-ETXANO | Udalak Alaiak koralari emango dio aurten Marixelarre saria, hain zuzen emakumeez osaturiko abesbatza honen ibilbidea aitortzeko eta kultur eta bereziki berdintasunaren arloan udalerriari egindako ekarpena balioan jartzeko. Sari hau Amorebieta-Etxanoko Emakume Nekazari, Abeltzain eta Artisauen Azokaren baitan emango da, datorren martxoaren 8an eta helburu du udalerriko berdintasunaren aldeko proiektu, kolektibo eta pertsonen lana azpimarratzea.

Alaiak korala, emakumez osaturiko abesbatza da eta Amorebieta-Etxanoko bizitza kulturalaren parte aktiboa izan da beti. Duela ia lau hamarkada sortu zen, emakume talde batek abesbatza bat bultzatzea hain ohikoa ez zen garai batean, alegia, eta horrek balio erantsia ematen dio koralaren ibilbideari, emakume talde honek urrats hori eman eta udalerrian sendotzea lortu baitzuen. Urte hauetan guztietan, herriko ekitaldi desberdinetan parte hartu dute, Amorebieta-Etxanoko bizitza kulturalari euren musika eta konpromisoa emanez.

Alaiak korala, ordea, abesbatza bat baino askoz gehiago izan da. Emakumeen arteko topagunea eta babesa izan da, abesteaz gain, laguntasun-sare bat ehundu baitute. 2024ko azaroaren 22an, Zornotza Kultur Elkarte Artistikoan, Santa Zezilia egunaren harira eskaini zuten agur-ekitaldian azaldu zuten bezala, “oso giro berezia sortu dugu urte hauetan guztietan, eta askorentzat etxetik irteteko eta beste pertsona batzuekin konektatzeko modu bat izan da”.

Horri lotuta, Amorebieta-Etxanoko alkateak, Ainhoa Salterainek, aitormen honen garrantzia azpimarratu du: “Alaiak korala gure udalerriko historia kulturalaren parte izan da, baina berdintasun alorrean, emakumeen elkartasun eta topagune gisa egindako lana ukaezina eta izugarria da. Horregatik sari honekin, eskerrak eman nahi dizkiegu duela 40 urte erakutsitako adore edo ausardiagatik eta urte guzti hauetan Amorebieta-Etxanori egindako ekarpenagatik”.

Marixelarre sariaren laugarren edizioa

2022az geroztik, Amorebieta-Etxanoko Udalak urtero ematen du Marixelarre eta aurreko edizioetan genero berdintasunaren alde egindako borrokagatik eta Amorebieta-Etxanoko gizarte eta kultura hobekuntzari egindako ekarpenagatik nabarmendu diren kolektiboak saritu ditu. 2022an, saria herriko lehen emakume elkarteari eman zitzaion, eta 2023an, berriz, 1940 eta 1975 artean profesionalki lan egin zuten emakume zornotzarrak omendu ziren, garai zail batean egindako ahalegina aitortzeko. 2024an, saria 1.205 kirolari zornotzarri eman zitzaien, eta kirolari horiek, beren diziplinetan nabarmentzeaz gain, kirol arloko genero desberdintasunak gainditzen lagundu zuten.

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top