DOT Durangaldea

94 655 00 33   info@dot.eus

50eko hamarkadako Arregi Campo familiaren argazki proiekzioa izango da Izurtzan

Larunbatean izango da, 19:30ean, Bariko San Nikolas elizan egingo den proiekzio batean

1953tik 1959ra bitarteko udako egonaldietan oinarrituta daude argazkiak

IZURTZA | Izurtzara, Mendibe Ojanguren familiarena zen Mendibe baserrira, uda pasatzera etortzen zen Bilboko Arregi Campo familia. Izan ere, euren amama, Bittori Ortuzar Larrabe (1898-1967) izurtzarra zen.

1953tik 1959ra bitarteko udako egonaldietan oinarrituta daude argazkiak. Gabriel Arregi Garaigordobil, aita, izan zen argazkilari. Aitarekin eta amama Bittorirekin, Arantza, Begoña eta Gabriel umeek igarotzen zuten uda bertan, eta umeok sarritan dira argazkietako protagonista.

Funtsean familia argazkiak nagusitzen badira ere, Izurtzako paisaia, ohiturak, lekuak eta ospakizunak ezagutzeko aukera ona eskaintzen du Arregi Campo familiaren funtsak.

223 argazkirekin osatzen da Arregi Campo funtsa, eta horietako asko Izurtzan erakutsiko dira irailaren 19an, 19:30ean, Bariko San Nikolas elizan egingo den proiekzioan. Gainerakoak, Gerediaga elkarteko webgunean, Dokumentategia atalean, ipiniko dira ikusgai ekitaldiaren ostean.
Gerediagak antolatu du ekimena, Izurtzako Udalaren babesarekin.

Funtsak jasotzen eta aztertzen

Gerediaga elkartea 80ko hamarkadan hasi zen argazkiak biltzen, batez ere Jose Mari Uriarte eta Jon Irazabal bazkideen eskutik. Elkartean dauden argazki, diapositiba, kristalezko plaka eta digitalizatutako irudiak kontuan hartuz gero, milaka argazkiz osatutako artxibo bizia dago. Elkarteak funts berriak jasotzen eta aztertzen jarraitzen du, gainera. Azken urteetan, Ignacio Ansorena, Karlos Merino, Alejandro Landaburu eta German Zorraquinen funtsak digitalizatzen eta bistaratzen egin du lan, esaterako.

Argazki artxiboak Durangaldearen memoria eta ondarea islatzen ditu, 1800 urteaz geroztik gaur arteko ibilbide bat osatuz. 1985ean Dokumentategia ipini zen martxan, eta gaur egun webgunean ere kontsultatzeko aukera eskaintzen du

Utzi zure iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.

Scroll to Top