Proiektuak desadostasun ugari sortu dituela onartu du sailburuak

IURRETA | Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak astelehen honetan iragarri du “behin betiko” geldituko dela Osakidetzaren “plataforma logistiko korporatiboa” eraikitzeko proiektua, “ziurtasun baino zalantza gehiago” sortzen zituela iritzita.
Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean egin duen agerraldian azaldu duenez, plataforma logistiko bat eraiki aurretik badago erosketa prozesuak hobetzeko tartea. Osakidetzak Iurretan eraiki asmo zuen biltegiak 130 milioi euroko aurrekontua zuen (30 milioi, eraikitzeko, eta 100 milioi, zortzi urtean kudeatzeko).
Proiektuak desadostasun ugari sortu dituela onartu du Martinezek. Horren ordez, biltegi eredu berria lantzeko konpromisoa hartu du, biltegi fisikoen beharrak kudeatuko dituen plataforma birtuala.
Gaur egun, Euskal Osasun Zerbitzuak 2.000 hornitzaile inguru ditu, eta Osakidetzako zentroen artean banatzen dituzte beren materialak. Material sanitarioaren erosketaren % 35,7 eta material ez-sanitarioaren % 17,1 zentralizatuta dago; gainerakoa erakunde sanitario integratuek erosten dute, 24 biltegiren bidez. Erosketa horien zenbatekoa 500 milioi eurokoa da, urtean.