Los interesados tienen de plazo hasta el 3 de octubre para presentar sus instantáneas

ERMUA | Ermuko Kultura Alorrak udako oporretako argazki lehiaketaren edizio berria antolatu du. Euskal Herrian bizi diren adin nagusiko pertsona guztiei zuzenduta dago ekimena, eta aurkezteko epea zabalik dago urriaren 3a arte, ostirala.
Lehiaketa bi kategoriatan banatzen da: kamera digital nahiz analogikoarekin ateratako argazkiak, eta mugikorrarekin ateratakoak. Gai nagusia 2025eko oporrak dira, beraz, munduko edozein txokotara egindako bidaietan ateratako edozein argazki aurkeztu ahalko da lehiaketara.
Parte-hartzaile bakoitzak gehienez ere koloretako hiru argazki eta zuri-beltzeko beste hiru aurkezteko aukera izango du. Argazkiek originalak, aurrez argitaratu gabeak eta beste lehiaketa batzuetan saritu gabeak izan beharko dute. Debekatuta dago irudiak aldatzea (elektronikoki, eskuz nahiz beste edozein modutara dela ere), eta ez dira muntaiak onartuko.
Argazkiak fisikoki, 40×50 zentimetroko kartulina batean itsatsita aurkeztu beharko dira. Kartulinaren atzeko aldean irudiaren izenburua eta egilearen ezizena jarriko dira. Gero, sobre itxi batean, partaidearen NANaren fotokopia, telefono zenbakia, argazkiaren izenburua, lekua eta data zehaztuko dira. Kartazalaren kanpoaldean, kartulinan bezala, argazkiaren izena eta ezizena idatziko dira.
Argazki bakoitza behar bezala bilduta aurkeztuko da, kanpoaldean “Argazki lehiaketa – 2025eko oporrak” idatzita. Mugikorrarekin ateratako irudiak badira, kartazalean espreski zehaztu beharko da hala dela. Lanak Lobiano Kultur Gunean entregatu behar dira, aurrez aurre edo posta bidez (Lobiano Kultur Gunea, Goienkale 10, 48260 Ermua).
Irudiak aurkezteko epea urriaren 3an, ostirala, 14:00etan amaituko da. Epaimahaiak urriaren 9an erabakiko du zeintzuk diren irabazleak, eta argazkien kalitatea eta sormena hartuko dira kontuan batez ere.
800 euro jokoan
Lehiaketak bi sari emango ditu kategoria bakoitzean, eta pertsona berberak ezin izango du bat baino gehiago jaso.
Kamerarekin ateratako argazkien kategorian, lehen saria 300 eurokoa izango da, eta bigarrena, 200 eurokoa. Mugikorrarekin ateratakoen kasuan, 200 euroko lehen saria eta 100 euroko bigarren saria emango dira.
Saritutako lanak Ermuko Udalarenak izango dira; lehiaketara aurkeztutako gainerako proposamenak epaimahaiak erabakia hartu eta hurrengo 30 egunetan zehar jaso ahal izango dira.
Lan guztiak Lobiano Kultur Guneko erakusketa-aretoetan izango dira ikusgai abenduaren 1etik 14ra prestatuko den erakusketan.